Solarisek zero isuriko hiriko autobusen Europako merkatuan lider izaten jarraitzen du. Izan ere, 2012tik entregatutako zero isuriko autobusen guztizko kopuruari dagokionez, oraindik ere lehen postuan dago.
Oraingoan, Transdev eta Arriva operadoreek jarri dute konfiantza CAF Taldearen enpresan eta Solarisek 96 eta 30 autobus elektriko (hurrenez hurren) hornituko dizkie. Autobusek Herbehereetako errepide eta hirietan eskainiko dute zerbitzua. Bi kontratuen bolumena, guztira, 90 milioi euro ingurukoa da.
Kontratu berri horiei, gainera, orain gutxi, Hannoverren egindako IAA Transportation azokan, Solarisen hidrogeno bidezko Solaris Urbino 18 autobus-modeloari emandako “2025 urteko autobusa” sari entzutetsua gehitu behar diegu.
Transdevek Solarisen 96 autobus gehituko ditu Utrechteko bere flotara
Herbeheretako garraio-operadore nagusietako batek, Transdev Nederland Holding-ek, eskari handia esleitu dio Solarisi 96 autobus elektriko entrega diezazkion. Urbino gamako lau ibilgailu-eredutakoak izango dira, ibilbidearen beharren arabera luzera ezberdinetakoak.
Solarisek Transdevi hornituko dizkion zero isuriko ibilgailuen flota berriak Utrecht probintzian (herrialdearen erdialdean dago) eskainiko du zerbitzua eta 2025eko azken hiruhilekoan entregatzea aurrez ikusi dute. Data horretan bertan, datorren urtearen amaieran, hasiko da Utrecht probintziako gobernuak orain gutxi Transdevi esleitu dion 10 urteko aldirako emakida.
Eskari horrek Utrecht hiriko eta inguruko garraio publikoaren kudeaketa barne hartzen du 50 autobus-linearekin eta hiriko tranbia-sareko 3 linearekin. Hain zuzen ere, linea horietan ematen dute zerbitzua CAFek azken urte hauetan hornitu dituen 50 tranbia baino gehiagok.
Ez da hori izango Solarisek Transdev Nederlandekin abian jarritako lehen proiektua; izan ere, enpresak bere filialetako bati, Connexxion-i, hidrogeno bidezko 20 autobuseko flota hornitu zion. Autobus horiek, duela 3 urtetik, Hego Holanda probintzian daude funtzionamenduan.
30 autobus elektriko Arrivarentzat Mendebaldeko Brabante eskualderako
Bestalde, Solarisek 30 autobus elektriko fabrikatuko ditu Arriva operadorearentzat: 12 metroko 26 Urbino autobus eta 18 metroko 4 autobus artikulatu. Ibilgailuak Mendebaldeko Brabante eskualdean egongo dira funtzionamenduan 2025etik aurrera. Inbertsio hori eskualdeko autobusen flota guztia 2025. urtearen erdialdean emakida berri hasi aurretik zero isurpeneko flota bihurtzeko operadoreak abian jarritako planean jasota dago.
Oraingo honetan, propultsio-sistema modularreko arkitektura berri batean oinarritzen dira ibilgailuak, eta motorraren dorrea deiturikoa ezabatzen du. Diseinu horri esker, bidaiarientzako espazioa handitu egiten da, eta bateriak sabaian bakarrik jartzen dira. 12 metroko eta 8 metroko ibilgailuek 400 kWh inguruko ahalmena duten bateriak izango dituzte eta entxufe bidez kargatuko dira.
Amaitzeko, aipatu beharrekoa da operadoreak segurtasunari dagokionez sistema modernoenetako bat aukeratu duela. Horien artean, honako hauek aipatu behar dira: monitorizazio-sistema integrala, Fisheye kamerak ibilgailuaren aurreko eta eskuineko eremuetarako eta kamerak (alboetako ispilu tradizionalen ordez).
Solarisek “2025. urteko autobusa” saria jaso du hidrogeno bidezko Urbino 18 ibilgailua dela eta
Hannoverreko IAA Transportation azokaren inaugurazioarekin lotuta egindako jaian, Bus of the Year lehiaketa entzutetsuko nazioarteko epaimahaiak “2025. urteko autobusa” saria eman zion hidrogeno bidezko Solaris Urbino 18 ibilgailuari. Lehiaketaren historian bigarren aldiz lortu du Solarisen ibilgailu batek Urteko Autobusaren saria; izan ere, 2017an, Solaris Urbino 12 elektrikoak ere jaso zuen saria eta autobusen merkatuak azken urteotan izandako bilakaeran mugarria ezarri zuela esan daiteke. Horrekin lotuta, nabarmendu beharrekoa da bi kasuetan argi geratu dela Solarisek berrikuntzaren alde egindako apustu irmoa. Izan ere, lehiaketaren historian lehen aldiz, bateria bidez propultsatutako autobusarekin zein hidrogeno bidezko ibilgailuarekin saria eskuratu duen lehen fabrikatzailea izan da. Oraingoan, hidrogeno bidezko Solaris Urbino 18 autobusak beste fabrikatzaile batzuen modeloekin lehiatu zuen maiatzean egindako Bus Euro Test delakoaren baitan. Bus Euro Test bi urtez behin egiten den proba entzutetsua da eta, bertan, adituen epaimahaiak ibilgailuaren prestazioen gama zabala aztertzen eta ebaluatzen du: azelerazioa, balaztatzeko distantzia, bibrazio eta zarata eta bibrazio mailak eta gidariaren zein bidaiariaren ikuspegiak kontuan hartuta, ibilgailuaren segurtasunarekin eta erosotasunarekin lotutako beste ezaugarri batzuk.
Solarisek hidrogeno bidez propultsatutako ibilgailuen eskariari erantzuna emateko helburuarekin garatu du ibilgailu artikulatu hori, eskaria gero eta handiagoa baita. Teknologia garbi horri esker, Solaris Urbino 18 ibilgailuak portaera ezin hobea izan dezake gero eta ibilgailu luzeagotan. Hain zuzen ere, depositua behin bakarrik beteta, 600 km arteko ibilbidea egin dezake eta, gainera, ibilgailuaren depositu osoa betetzeko 20 minutu eskas behar ditu.
Gaur egun, Solarisek hidrogeno bidezko 600 ibilgailu baino gehiagoko eskaera-zorroa du eta, ondorioz, Europa mailan segmentu horretako lider absolutua dela esan dezakegu.